Azpeitiko merkatariek Stock Azokaren edizio berri bat ospatuko dute ostiral eta larunbat honetan, irailaren 15 eta 16an. Ohiko pagotxez gain, kale animazioa ere izango da.

Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak antolatuta, udaberri-uda denboraldiko produktuen Stock Azoka egingo dute Azpeitiko saltokiek. Ostiral arratsaldean eta larunbatean, goiz eta arratsalde, herriko puntu ezberdinetan Stock postuak aurkitu ahal izango dira, prezio beheratuetan erosketak egiteko aukera eskainiz.

Ostiral arratsaldean hasiko da Stocka, 16:00tatik 20:00tara. Larunbatean berriz, goiz eta arratsalde egongo dira postuak zabalik, 10:00tatik 14:00tara eta 16:00tatik 20:00tara.

Guztira 40 saltoki izango dira ekintzan parte hartu eta denboraldiz kanpoko produktuak prezio ezin hobeetan eskainiko dituztenak. Stockaren gune nagusia Azoka Plaza izango da, han, 12 postu aurkitu ahal izango dira: Aitzaki kirolak, Esnaola Tien 21, Euskadi Sport, IlargiJostaldi KirolakLarrañaga kirolak, Martina Isasti, Nerea Eskulanak, Oihele, Sein Briko, Ubbo eta Urbistondo.

Hauez gain, beste 28 postu aurkitu ahal izango dira, horietatik 26 bakoitza bere saltoki aurrean kokaturik: Agirre opari denda, Alar mertzeria, Alzuaran, Arantxa haur denda, Arku, Arrospide, Azkue mertzeria, Babesa moda, Biur, Bossi, Disdira, Furundarena, Geu, Iosu optika, Kaïoa, Koket, Kotoi, Mendata, Mina mertzeria, Ordulari, OstadarRomaes, Tilin Talan, Ufito, Zume eta Zuri-Beltz.

Amaitzeko, bi postu, Kids&Us eta Ohana Barefoot, Plazan kokatuko dira larunbatean. Gainera, Kids&Us-ek haurrentzako jolasak eskainiko ditu, 11:00tatik 14:00tara eta 17:00tatik 20:00tara. 8 hilabetetik 6 urte bitarteko haurrentzako tailerrak izango dira eta zenbaitetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez. INFORMAZIOA ETA IZEN-EMATEAK HEMEN.

 

Stockaren baitan, Azpeitiko Juan Antxieta Musika Eskolaren emanaldia ere izango da. Hau ostiralean ospatuko da, 19:00tan Plazan. Aurrez, Musika Eskolakoek kalejira egingo dute Stock Azokako postuen kokaguneetatik.

Gainera, beste hainbat dinamizazio ekintza egingo dira, hala nola, BERTI maskota ibiliko da kaleetan zehar eta Zumba erakustaldi ibiltaria izango da larunbatean 18:00tatik aurrera. Hau gutxi balitz, zozketak ere ez dira faltako. Izan ere, Stockean erosketak egiten dituztenen artean 100€ko 6 erosketa bono zozkatuko dira.

Beste urte batez, Stock Azokak Azpeitiko saltokien deskonturik hoberenak aprobetxatzeko eta bertako merkataritzari laguntzeko aukera bikaina eskainiko du.