Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako merkatariak elkarturik, herrian kontsumitzea eskertuz

Eskualdeko merkatarien arteko elkarlanetik sorturiko kanpaina baten baitan, 200 erosketa karro zozkatuko dira Bertan, Herrixen eta Zestoa Zuretzat elkarteetako saltokietan erosketak burutzen dituzten bezeroen artean.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako Udalek, Merkatari Elkarteek, Iraurgi Berritzen Garapen Agentziak eta Dendartean Gipuzkoako Merkataritza Bilkurak, Urola Erdiko Merkataritza Mahaia bezala ezagutzen den lan-taldea osatzen dute. Mahai honen helburua, eskualde ikuspegitik merkataritza sustatzea da, herri ezberdinetako merkatarien arteko loturak estutuz eta elkarren eskutik, erronka ezberdinei aurre eginez. Azken urteetan, besteak beste, merkataritza establezimenduen eskualdaketa edo kontsumitzaileen sentsibilizazioa bezalako gaiak jorratu ditu lan-taldeak.

Orain, osasun-larrialdiak eragindako hilabete gorabeheratsuen ostean, eskualdeko herrietan erosketak egiten dituzten bezeroei eskertza egin nahi zaie. Horretarako, erosketa karroak zozkatuko dituzte hiru udalerritako 200 saltokik, aldi berean. Ekainaren 15etik 29ra bitartean Bertan, Herrixen eta Zestoa Zuretzat elkarteetako establezimenduetan erosketak burutzen dituzten bezeroei boletoak beteko zaizkie eta, modu horretan, zozketan parte hartuko dute. Saltoki bakoitzak erosketa karro bana izango du zozkatzeko. Ekainaren 30an zozketa egin eta irabazleekin harremanetan jarriko dira merkatariak.

Ez da kasualitatea opari moduan erosketa karroak ematea, izan ere, Merkataritza Mahaiko kideek adierazi duten moduan, “erosketa karroa herrian erosten jarraitzea ahalbideratzen duen tresna da; erosotasun, gertutasun eta jasangarritasun baloreak biltzen dituena”. Horrela, herrian erosten dutenei bide beretik jarraitzea erraztu nahi zaie.

Aldi berean, zozketak eskertza bat ere izan nahi du. Izan ere, orain inoiz baino gehiago, bertan kontsumitzen dutenek mantentzen dituzte bizirik dendak eta, ondorioz, herriko kaleak. Hau dela eta, kanpainak Zuretzat opari mezupean, garai gogorrenetan ere bezero fidelak direla erakusten dutenak saritu eta eskertzea du helburu.

Oparitzat emango diren erosketa karroek, Urolako trenaren irudia daramate serigrafiatuta, hiru herrien arteko lotura irudikatuz. Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako merkatariek bezeroei zuzenduta elkarrekin burutzen lehen kanpaina da honakoa, elkarlan-bide berri baten hasiera, beraz.
Merkatari Elkarteetatik adierazi duten moduan, “jarrai dezagula erosketa karro ugari ikusten kaleetan, herria bizirik dagoenaren seinale izango baita”.

Herrian bizi, herrian erosi!!

Leave a comment