Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabili ahal izango diren bonoak aterako dituzte beste behin. Sektore horiei bultzada ematea eta herritarrei tokiko saltokien ekonomia sustatzeko pizgarria eskaintzea ditu helburu ekimenak. Azaroaren 14an jarriko dira bonoak salgai aurrez aurre eta online.

Azpeitiko Udalak bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietako ekonomia sustatu nahi du eta, aldi berean, herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria eman. Helburu horiek uztartuz deitu dute ‘Azpeitia Zaindu’ bonoen deialdi berria.
50 euroko balioa izango duten 1.835 bono aterako dira, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza. Azaroaren 14ean, astelehena, hasiko dira bonoak saltzen, pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahal izango ditu, eta 2023ko urtarrilaren 5a bitarte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.

Azpeitiko Udalaren eta Bertan Merkatari Elkartearen artean antolaturiko ekimena da. Dena den, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki guztiak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertan-eko kide direnak. Horrenbestez, ekimenean parte hartu nahi duten establezimenduek Merkatari Elkartearekin kontaktuan jarriz egin ahal izango dute, ostirala, azaroak 11a, eguerdiko 12:00 baino lehen.
Maiatzeko kanpainean bezela, oraingoan ere 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei 15€-ko bonoa oparituko zaie, beraiek erosi beharrik gabe. Ekimen honen bidez, gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi dira, bertako produktu eta saltokietan kontsumitu dezaten, eta horrela, tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotu daitezen. Gutun bidez etxean jasoko dute honen inguruko informazio guztia onuradunek.

Guztira Udalak 30.000 euro bideratuko ditu bono kanpaina honetara eta herritarren ekarpenekin batera ia 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan.

Kanpainaren aurkezpenean, Nagore Alkorta Alkateak “tokiko ekonomiaren alde egiteko gonbidapena” egin die herritarrei: “Tokian tokiko ekonomia eta erosketak bultzatzea ezinbestekoa da. Herriko merkataritza edo ostalaritza txikiaren alde egitea herriaren alde egitea da. Horregatik, bono kanpaina hone bidez, beste behin, erosketak herrian bertan egitea bultzatu nahi dugu”, adierazi du.

Bertan Elkarteko juntakideek ere ildo beretik hitz egin dute. “Bertako ekonomia bultzatu behar dugu, hemen erosi hemengoa indartzeko. Herritarrok egin dezakegu Azpeitiko ekonomia indartsu gure erosketa erabakiekin”. Aldi berean, adierazi dute : “Pandemiako azken urte gogor hauetan barneratutako laguntasun eta elkartasun baloreak bideratu ditzagun herria eta bertako saltokiak indartzera”.

Kanpainaren xehetasunak
Aipatu bezala, Azpeitiko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa guztiak batu daitezke ‘Azpeitia Zaindu’ kanpainara. Horretarako, aurrez bono kanpainan parte hartu izan duten establezimenduak automatikoki parte hartzaile moduan kontsideratuko dira oraingoan ere. Lehen aldiz parte hartu nahi dutenek, Bertan-ekin jarri beharko dute harremanetan, eta eskaera-orria bete azaroaren 11a baino lehen, 943 02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deituta edo bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Kanpainara batzen diren saltokiek kanpainarako prestaturiko kartela jasoko dute, establezimenduetan ikusteko moduan izan dezaten.
50 euroko balioa duten 1.835 bono jaulkiko dira. Bono bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute. Pertsona bakoitzak bi bono erosi ahal izango ditu gehienez, eta norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu, gehiago ez.

Bono bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonoak ezingo dira diruagatik trukatu.

16 urtetik gorako herritarrek erosi ahal izango dituzte kanpainako bonoak, eta pertsonako bi bono eros ahal izango dira gehienez.
Erosketa berean gehienez lau bono (20 txartel) pilatu ahal izango dira. Bonoak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonoaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bono propio bat jaulki beharko du.
Azaroaren 14ean jarriko dituzte bonoak salgai, eta 2023ko urtarrilaren 5a arteko balioa izango dute.

Herritarrek aurrez aurre (Azpeitiko Azoka Plazan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara) zein on line (www.azpeitiazaindu.eus webgunean, goizeko 09:00etatik aurrera) erosi ahalko dituzte bonoak.

Aurrez aurre, salgai jartzen diren bonuen % 70 goizean eskainiko dira, eta bonuen % 30 arratsaldean saltzeko gordeko dira.