Bertanek Prezio “Juxtue” kanpainako irabazleak eman ditu ezagutzera eta, ezustean, bi izan dira erakusleihoaren prezio zehatzera gehien gerturatu direnak.

Azpeitiko Merkatarien Elkarteak, Bertanek, ekainean herriko merkataritza dinamizatzeko antolaturiko Prezio “Juxtue” kanpaina iritsi da amaierara. Hilabete guztian zehar, Merkatari Elkarteko saltokietan erosketak burutzean produktu ezberdinez osaturiko erakusleiho baten prezioa proposatu ahal izan dute bezeroek. Orain, erakusleihoaren prezio zehatza eta gehien hurbildu diren bezeroak nortzuk diren jakinarazi ditu Elkarteak.

Herriko saltokietan erositako 28 produktu ezberdinez osatzen zen erakusleihoa (telebista, bizikleta, tableta, mugikorra, patinete elektrikoa…) eta guztira 3.276,02€ko balioa zuen. Bertanek interesatu guztien eskura jarri du produktuen zerrenda eta bakoitzaren prezioa.

27.000 boleto baino gehiago izan dira kanpainan zehar bete direnak. Guztiak begiratu ostean, pasa gabe gehien gerturatu diren bi bezeroak Ander Mozo eta Aitzol Odriozola izan dira, 3.276,00€ko prezioa proposatuta. Beraz, biak izan dira irabazle eta, lehiaketako oinarrietan adierazten zen moduan, bien artean banatu dute saria.

Leave a comment