
Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabili ahal izango diren bonuak aterako dituzte beste behin ere. Azken edizioko formula errepikatuz, 4.000 bonu aterako dira, herritar gehiagorengana iristeko eta sektoreari bultzada nabarmenagoa emateko.
Azpeitiko Udalak bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietako ekonomia sustatu nahi du eta, aldi berean, herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria eman. Helburu horiek uztartuz antolatu dute, berriro ere, Azpeitia Zaindu bonuen deialdia.
50 euroko balioa izango duten 4.000 bonu aterako dira, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza. Maiatzaren 21ean, asteazkena, hasiko dira bonuak saltzen. Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu, eta 2025eko uztailaren 30era arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.
Azpeitiko Udalaren eta Bertan Merkatari Elkartearen artean antolaturiko ekimena da. Dena den, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki guztiak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertan-eko kide direnak. Kanpainaren aurreko edizioan parte hartu zuten establezimenduak automatikoki partaidetzat hartu dira oraingo honetan ere, aurkakorik adierazten ez badute behintzat. Gainontzean, ekimenean lehen aldiz parte hartu nahi duten establezimenduek merkatari elkartearekin kontaktuan jarriz egin ahal izango dute, astelehena, maiatzak 19, eguerdiko 12:00ak baino lehen.
Aurreko hainbat kanpainatan bezala, oraingoan ere aurten 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei (2007an jaiotakoei) 15€-ko bonua oparituko zaie, beraiek erosi beharrik gabe. Ekimen honen bidez, gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi dira, bertako produktu eta saltokietan kontsumitu dezaten, eta horrela, tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotu daitezen. Gutun bidez etxean jasoko dute honen inguruko informazio guztia onuradunek.
Guztira Udalak 60.000 euro bideratuko ditu bonu kanpaina honetara eta herritarren ekarpenekin batera ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan.
Kanpainaren aurkezpen argazkiak elkartu ditu udal ordezkariak eta merkatariak. Nagore Alkorta Alkatearen hitzetan, “merkataritza txikiaren aldeko apustu sendoa” egin du beste behin ere Azpeitiko Udalak: “Merkataritza txikiarentzat ez dira une errazak, eta herriko ekonomia sustatu eta Azpeitiaren alde egiteko helburuz sortu genituen bonu kanpaina hauek, Bertanekin elkarlanean. Eragin positiboa dutela ikusten dugu urtez urte, jendea herrian kontsumitzera bultzatzen baitute”, zehaztu du.
Bertan elkarteko juntakideek ere ildo beretik hitz egin dute. “Bonu kanpainak zuzeneko eragina du saltoki txikien jardueran, eta beste behin ere bultzada garrantzitsua izatea espero dugu”. Aldi berean, honako hau adierazi dute: “Salmentara aterako den bonu kopurua esanguratsua da, eta espero dugu interesa duten herritar guztientzat izatea eskuratzeko aukera. Azken batean, herritarrok egin dezakegu Azpeitiko ekonomia indartsu gure erosketa erabakiekin eta horretarako erraztasuna eskaini nahi dute bonuek”.
Kanpainaren xehetasunak
Aipatu bezala, Azpeitiko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa guztiak batu daitezke Azpeitia Zaindu kanpainara. Horretarako, aurrez bonu kanpainan parte hartu izan duten establezimenduak automatikoki parte hartzailetzat hartuko dira oraingoan ere. Lehen aldiz parte hartu nahi dutenek Bertan-ekin jarri beharko dute harremanetan, eta eskaera-orria bete maiatzaren 19a baino lehen, 943 02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deituta edo bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Kanpainara batzen diren saltokiek kanpainarako prestaturiko kartela jasoko dute, establezimenduetan ikusteko moduan izan dezaten.
4.000 bonu jaulkiko dira. Aurten 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei oparitu egingo zaizkie bonuak, eta gainontzekoak salgai jarriko dira aurrez aurre eta on-line.
Bonu bakoitza 35 euroan erosi ahal izango da, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute. 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez, eta norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu, gehiago ez.
Bonu bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonuak ezingo dira diruagatik trukatu. Bonuaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bonu propio bat jaulki beharko du.
Interesatuek 2025eko maiatzaren 21tik aurrera erosi ahal izango dituzte bonuak, jaulkiko diren bonuak agortu arte, aurrez aurre edo on-line:
aurrez aurre, Azpeitiko Azoka Plazan, maiatzaren 21ean, 16:00etatik 20:00etara, eta maiatzaren 22an, 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 17:00etara jarriko dira salgai; on-line, ordutegi berean, webgune honetan: https://www.azpeitiazaindu.eus.
Bonuek 2025eko uztailaren 30era arteko balioa izango dute.