Bigarren astez eremu gorrian dago Azpeitia. Azken astean 63 positibo zenbatuta, 610,17 da intzidentzia tasa. Datuek COVID-19aren hedapena areagotzen adierazten dute, baina oraingoz, Eusko Jaurlaritzak ez du neurri berezirik iragarri eremu gorrian dauden herrietarako.

Aurreko astean bezalaxe, eremu gorrian jarraitzen du Azpeitiak. Eusko Jaurlaritzak astean behin ematen ditu koronabirusaren pandemiari lotutako datuak, eta Azpeitiak egoera kaskarrean jarraitzen du; izan ere, azken zazpi egunetan 63 positibo zenbatu dituzte herrian. Hain zuzen ere, astelehenean sei positibo, asteartean hiru, asteazkenean hamazazpi, ostegunean 21, ostiralean zortzi, zapatuan bi eta atzo sei atzeman zituen Osasun Sailak. Datu horiek tarteko, 610,17 da Azpeitiko intzidentzia tasa.

Aurreko astean baino positibo gehiago izan dira joan berri denean; zehazki, aurreko astean 39 positibo zenbatu zituzten, eta 24 gehiago azken astean. Gipuzkoan, Azpeitiaz gain, beste bi herri baino ez daude eremu gorrian: Astigarraga eta Zumarraga. Bi herri horiek Azpeitikoa baino intzidentzia tasa altuagoa dute. Azkoitian, berriz, hamasei positibo zenbatu dituzte azken zazpi egunetan, eta 208,63 da hango intzidentzia tasa. Gipuzkoako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbatekoen gainetik dago Azpeitiko intzidentzia tasa gaur-gaurkoz. Izan ere, Gipuzkoakoa 174,33 da, eta hiru herrialdeetakoa, berriz, 109,24.

Datuek COVID-19aren hedapenaren areagotzen ari dela adierazten dute, baina oraingoz, Eusko Jaurlaritzak ez du neurri berezirik iragarri eremu gorrian dauden herrietarako.