Postuek elkarren artean banatuta egon beharko dute, eta beraz, postuen kopurua %25-%30 artean murriztu beharko da eremu bakoitzean. Pilaketak saihesteko, igarobide korridoreak ezarri beharko dira, eta edariak ezingo dira “edukiera handiko ontzietan” saldu; besteak beste, katxietan.

COVID-19 kasuen gorakada ematen ari  dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak moldatu egin ditu ari librean egiten diren azokak eta merkatu tradizionalak antolatzeko osasun neurriak. Aurrerantzean, zazpi neurri bete beharko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako azokek.

Postuak ezartzeko azalera handitzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, eta horretarako, udalek gune berriak egokitu beharko dituzte merkatuentzako. Postuek elkarren artean banatuta egon beharko dute hemendik aurrera, jende pilaketak saihesteko, eta beraz, postuen kopurua %25-%30 artean murriztu beharko da eremu bakoitzean. Gainera, azoketan pertsonen pilaketak gerta ez daitezen, igarobide korridoreak ezarri beharko dira, eta elikagaiak eta edariak kontsumitzen diren tokiak edo txosnak korridore horietatik kanpo jarri. Gainera, merkatuetan ezingo dira edariak “edukiera handiko ontzietan” saldu; besteak beste, katxietan. Neurri horrekin, jendeak edalontziak parteka ditzan saihestu nahi dute. Osasun Sailaren arabera, azokaren eremuan, horretarako baimendutako postuetan edo txosnen gunean baino ezin izango dira kontsumitu elikagaiak eta edariak, eta udalek prestatu beharko dituzte txosna horiek jartzeko tokiak. Horrez gain, postuetan gel hidroalkoholikoa erabili beharko da, eta nahitaezkoa izango da maskararen erabilera.

Osasun Sailaren esanetan, intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 150 kasuen azpikoa denean egongo dira indarrean neurri horiek; hau da, transmisio maila moderatua denean. Dena den, osasun egoerak okerrera egiten badu, berrikusi egingo dituzte neurriak.