Jaiegun horiek dinamizatzeko izotz pista ezarriko dute Done Jakue kalean, eta hilaren 28an Gabon Azoka berezia egingo dute merkatariek eta artisauek.

Gabon garaia iristear da, eta Azpeitiko jaiegun horiek ekitaldiz beteta izango dira beste urte batez. Hala ere, aurreikusitako ekimen guztien artean, badira bi berrikuntza Bertan merkatari elkarteak azpeitiarrentzat prestatu dituenak: izotz pista eta azoka berezia.

Bi ekimen berritzaileak “Gabonetako egunak dinamizatzeko, herriko merkataritza sustatzeko eta giro atsegina sortzeko” asmoz antolatu ditu merkatari elkarteak, eta Done Jakue kalea izango da bientzako eskenatokia.

Abenduaren 23an zabalduko ditu ateak izotz pistak, Done Jakue kalean, Frontoi Txiki ondoan. Arduradunek agertu dutenez, egunero egongo da irekita, goizez 11:30etik 13.30era, eta arratsaldez, berriz, 16:00etatik 20:00etara.

Herritarrek eta bisitariek urtarrilaren 6ra arte izango dute izotz pistaz gozatzeko aukera, eta erabiltzaileek 3 euro ordaindu beharko dituzte izotz gainean patinatu hala izateko. Horiek, gainera, 20 minutuko txanda egin ahalko dute pistan.

Era berean, jarduera inklusiboa eta pertsona guztientzat irisgarria izan dadin, laguntza-elementuak egongo dira eskuragarri, hala nola, oreka mantentzea errazten duten euskarriak nahiz patinak.

Artisauak eta merkatariak

Abenduaren 28an, aldiz, Gabon Azoka berezia izango da. Azoka horrek bertako merkatariak eta artisauak bilduko ditu, izan ere, Bertan Azpeitiko merkatarien elkartea eta Artiekin Azpeitiko artisauen elkartea dira ekimenaren antolatzaileak. 20 postu inguru izango dira Done Jakue kalean, Frontoi Txiki ondoko eremutik plazara bidean jarriko den azokan. “Eguberrietako opariak eginez, bertako ekonomia bultzatzeko aukera paregabea izango da”, azaldu dute antolatzaileek.

Hilaren 28ko Gabon Azoka 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta tokiko merkataritza dinamizatzea eta zonaldeko ekoizle eta merkatariak balioan jartzea du helburu. “Gabonetako dekorazio zainduarekin eta herriko merkatarien eta artisauek parte hartuko duten giro berezian egingo da azoka berezia”.

Umeentzako josalak

Urtarrilaren 2 eta 3an, haurrentzako jolasak eskainiko dira Frontoi-Txikin Kids&Us-en eskutik. 1-8 adin tartekoei zuzenduriko ekintza ezberdinak izango dira (zankoak, plater txinatarrak, malabarak, bolen parkea, puntería jokoak, eskulanak, etab.), 16:30etatik 20:00etara. Gainera, bi egunetan 19:00etan hasita ekitaldi bereziak eskainiko dira: urtarrilaren 2an antzerkia egingo da eta urtarrilaren 3an “Family Bingo”. Aldi berean, jolas hauetara gerturatzen direnen artean bizikleta bat zozkatuko da.