Azpeitiko merkatariek Stock Azokaren edizio berri bat ospatuko dute ostiral eta larunbat honetan, irailaren 13 eta 14an. Bertako ekoizleen ostiral eta larunbateko azokak ere mantendu egingo dira, Plazan.

Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak antolatuta, udaberri-uda denboraldiko produktuen Stock Azoka egingo dute Azpeitiko saltokiek. Ostiral arratsaldean eta larunbatean, goiz eta arratsalde, herriko puntu ezberdinetan Stock postuak aurkitu ahal izango dira, prezio beheratuetan erosketak egiteko aukera eskainiz.

Ostiral arratsaldean hasiko da Stocka, 16:00tatik 20:00tara. Larunbatean berriz, goiz eta arratsalde egongo dira postuak zabalik, 10:00tatik 14:00tara eta 16:00tatik 20:00tara.
Guztira 42 saltoki izango dira ekintzan parte hartu eta denboraldiz kanpoko produktuak prezio ezin hobeetan eskainiko dituztenak. Stockaren gune nagusia Azoka Plaza izango da, han, 13 postu aurkitu ahal izango dira: Aitzaki kirolak, Esnaola Tien 21, Euskadi Sport, Danetik opari denda, Despentsa Naturala, Ilargi, Jostaldi Kirolak, Larrañaga kirolak, Martina Isasti, Nerea Eskulanak, Oihele, Sein Briko eta Ubbo.

Hauez gain, beste 29 postu aurkitu ahal izango dira, bakoitza bere saltoki aurrean kokaturik: Agirre opari denda, Alar mertzeria, Alzuaran, Arantxa haur denda, Arku, Arrate Outlet, Arrospide, Azkue mertzeria, Babesa moda, Biur, Bossi, Disdira, Furundarena, Gau Argi, Geu, Iosu optika, KaÏoa, Koket, Kotoi, Mina mertzeria, Ohana Barefoot, Ordulari, Ostadar, Romaes, Tilin Talan, Trapos, Ufito, Zume eta Zuri Beltz.

Stockaren baitan, Kids&Us akademiak haurrentzako jolasak eskainiko ditu. Ostiral arratsaldean izango da hau, 17:00tatik aurrera Plazan, eta 8 hilabetetik 6 urte bitarteko haurrentzako eskaintza izango da. Ildo beretik, larunbat goizean Gaztelekuko monitoreek gaztetxoentzako jolasak eskainiko dituzte. 11:30tan hasiko dira jolasak Jose de Artetxe kaleko plazoletan.

Gainera, beste hainbat dinamizazio ekintza egingo dira, hala nola, BERTI maskota ibiliko da kaleetan zehar, bai ostiralean zein larunbatean, Ekotalo postua egongo da plazan, larunbatean egun osoz. Hau gutxi balitz, zozketak ere ez dira faltako. Izan ere, Stockean erosketak egiten dituztenen artean 100€ko 6 erosketa bono zozkatuko dira.

Aldi berean, ostiral eta larunbatetan izan ohi diren bertako ekoizleen azokak mantenduko dira. Kasu honetan, dendarien postuak tarteko, Plazan egongo dira ekoizleen postuak.

Beste urte batez, Stock Azokak Azpeitiko saltokien deskonturik hoberenak aprobetxatzeko eta bertako merkataritzari laguntzeko aukera bikaina eskainiko du.