Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietan erabili ahal izango diren bonoak aterako dituzte, beste behin. Bono kopurua areagotu egin da herritar gehiagorengana iristeko eta sektoreari bultzada nabarmenagoa emateko. 

Azpeitiko Udalak bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikietako ekonomia sustatu nahi du eta, aldi berean, herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria eman. Helburu horiek uztartuz deitu dute, berriro ere, ‘Azpeitia Zaindu’ bonoen deialdia.

50 euroko balioa izango duten 4.000 bono aterako dira, aurreko kanpainekiko bikoitza, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza. Maiatzaren 15ean, astelehena, hasiko dira bonoak saltzen, pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahal izango ditu, eta 2023ko irailaren 14ra arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.

Azpeitiko Udalaren eta Bertan Merkatari Elkartearen artean antolaturiko ekimena da. Dena den, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa txiki guztiak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertan-eko kide direnak. Horrenbestez, ekimenean parte hartu nahi duten establezimenduek Merkatari Elkartearekin kontaktuan jarriz egin ahal izango dute, ostirala, maiatzak 12a, eguerdiko 12:00 baino lehen.

Azken kanpainetan bezala, oraingoan ere aurten 18 urte betetzen dituzten herritar guztiei (2005ean jaiotakoei) 15€-ko bonoa oparituko zaie, beraiek erosi beharrik gabe. Ekimen honen bidez, gazteak tokiko merkataritzara hurbildu nahi dira, bertako produktu eta saltokietan kontsumitu dezaten, eta horrela, tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko loturak sendotu daitezen. Gutun bidez etxean jasoko dute honen inguruko informazio guztia onuradunek.

Guztira Udalak 60.000 euro bideratuko ditu bono kanpaina honetara eta herritarren ekarpenekin batera  ia 200.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du herriko merkataritzan.

Kanpainaren aurkezpen argazkiak elkartu ditu Udal ordezkariak eta merkatariak. Nagore Alkorta Alkatearen hitzetan, “merkataritza txikiaren aldeko apustu sendoa” egin du beste behin Azpeitiko Udalak : “Merkararitza txikiarentzat ez dira une errazak, eta herriko ekonomia sustatu eta Azpeitiaren alde egiteko helburuz sortu genituen bono kanpaina hauek, Bertanekin elkarlanean. Urtez urte duten eraginaren balorazio positiboa egiten dugu, eta aurtengoan gehiagorengana iristeko helburuz indartu egin dugu”, zehaztu du.

Bertan Elkarteko juntakideek  ere ildo beretik hitz egin dute. “Inoizko bono kanpainarik potenteena izango da honakoa, eta saltokietan bultzada garrantzitsua izatea espero dugu”. Aldi berean, adierazi dute: “Herritarrentzat ere aurreko kanpainetan baino errazagoa izango da bonoak eskuratzea, kopuru bikoitza aterako baita. Herritarrok egin dezakegu Azpeitiko ekonomia indartsu gure erosketa erabakiekin eta horretarako erraztasuna eskaini nahi dute bonoek”.

 

Kanpainaren xehetasunak

Aipatu bezala, Azpeitiko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresa guztiak batu daitezke ‘Azpeitia Zaindu’ kanpainara. Horretarako, aurrez bono kanpainan parte hartu izan duten establezimenduak automatikoki parte hartzaile moduan kontsideratuko dira oraingoan ere. Lehen aldiz parte hartu nahi dutenek, Bertan-ekin jarri beharko dute harremanetan, eta eskaera-orria bete maiatzaren 12a baino lehen, 943 02 56 73 edo 688 82 39 44 telefonoetara deituta edo bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Kanpainara batzen diren saltokiek kanpainarako prestaturiko kartela jasoko dute, establezimenduetan ikusteko moduan izan dezaten.

4.000 bono jaulkiko dira, horietako 149 aurten 18 urte betetzen dituzten herritarrei oparituko zaizkie, eta gainontzekoak salgai jarriko dira. Bono bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute. Pertsona bakoitzak bi bono erosi ahal izango ditu gehienez, eta norberaren izenean zein beste pertsona baten izenean erosi ahal izango ditu, gehiago ez.

Bono bakoitzak 10 euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. 10 euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonoak ezingo dira diruagatik trukatu.

16 urtetik gorako herritarrek erosi ahal izango dituzte kanpainako bonoak, eta pertsonako bi bono eros ahal izango dira gehienez.

Erosketa berean gehienez lau bono (20 txartel) pilatu ahal izango dira. Bonoak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonoaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada, establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bono propio bat jaulki beharko du.

Maiatzaren 15ean jarriko dituzte bonoak salgai, eta 2023ko irailaren 14ra arteko balioa izango dute.

Herritarrek aurrez aurre (Azpeitiko Azoka Plazan, 09:30etatik 13:30etara eta 15:30etatik 17:30etara) zein on line (www.azpeitiazaindu.eus  webgunean, goizeko 09:30etatik aurrera) erosi ahalko dituzte bonoak. Aurrez aurre, salgai jartzen diren bonuen % 70 goizean eskainiko dira, eta bonuen % 30 arratsaldean saltzeko gordeko dira.